Asteazkenero, arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara, hitanoa praktikatzeko aukera dago hitanoa.com web gunean. Atari horretako ‘mintzagunea’ atalean idatzizko blaga edo solasaldia egiteko aukera dago, Eneko eta mintzakidearekin. Txat hau oso egokia da hitanoarekin lanak dituztenentzat, erabiltzaileak aukera baitu pentsatzeko, errepasatzeko eta zuzentzeko, esan beharrekoak bota aurretik. Mintzagunean parte hartzeko, atal horretako Zuzena aukeratu eta izenorde bat jarri besterik ez da egin behar, eta Eneko mintzakidearekin eta beste erabiltzaileekin idatziz hitz egiteko aukera izango du batek.

Iaioagoak edo ausartagoak direnak Skype bidez aritu daitezke hika, mintzakidearekin. Horretarako programa deskargatu behar da (doakoa da, eta erabilerraza). Ondoren, mintza.hadi.lagun erabiltzailearekin bat egin, eta, internetaz aparteko gasturik gabe, telefonoz bezala hitz egin daiteke ordenagailu bitartez. Egokiena webcam batekin aritzea da, esperientzia askoz biziagoa baita.

Doako zerbitzu hau eskainiz, Maramara* taldeak hika ikasi edota hitz egin nahi duen jendeari horretarako esparru bat eman nahi dio. Ekimenaren helburua da grina hori duen jendeak elkar ezagutzea eta, mintzakidearen beharrik gabe, hika aritzeko lagunak egitea.

Zeren zain hago, ba, lagun! Eman gatz eta piper apur bat heure hizketari, eta mintza hadi heure lagun berriekin!